XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Amatoren Gobernuaren dekretu proiektuak polemika eragin du.

Italiako Gobernuak ustelkerian nahastutakoei barkatu nahi die

Errua aitortu eta dirua ordaindu ondoren libre geratuko lirateke

Italiako Ministroen Kontseilua, Tangentopoli (eskupekoen hiria) izenez ezagututako legez kanpoko komisioen auziari amaiera emateko neurriak aztertzen hasi zen atzo.

Irtenbidea, eman aurretik ere kritika asko jaso dituena, ustelkerian eroritakoek erruduntasuna aitortu eta jasotako dirua itzultzea litzateke.

ERROMA

Honez gain, ustelkerian nahastutako politiko orok, kargua utzi, eta kargu publikoak betetzeko eskubidea galduko luke, Giovanni Conso Justizia ministro berriak aurkeztutako planaren arabera.

Irtenbide judizialaren alternatiba gisa aurkezten den soluzio politikoak, urtebetean 89 pertsona, politiko eta enpresarien artean, kartzelara eraman, zazpi buru hilketa eragin eta alderdi politikoetako bi idazkari nagusiren (Bettino Craxi sozialista eta Giogio La Malfa errepublikarra) dimisioa ekarri duen arazoa konpondu nahi du.

Gobernuaren asmoa, Justizia Ministerioko iturrien arabera, aiderdien finantzaketa legea hautsiz hauentzat zuzendutako dirua poltsikoratu dutela aitortu eta diru hori itzultzeko prest agertzen direnei kartzelara joatetik libratzea litzateke.

Politika utzi eta jasotako komisioaren garrantziaren arabera une batzuetan kargu publikoak betetzeko debekua litzateke damututako errudunei jarritako zigorra.

Dirua itzultzean datza, ordea, Gobernu italiarraren arazorik nagusiena.

Izan ere, eskupekoak eman dituzten enpresek, obra publikoa egiterakoan eginiko aurrekontuetan sartzen zituzten eskupeko horiek.

Honen irtenbidea, epaileak errudunari hasiera batean zati bat itzultzeko zigorra eta beste zatia itzultzeko epeak jartzea litzateke.

AHAZTU ETA BERRIRO HASI

Iturri ofizialen arabera, Gobernuak kontu handiz dihardu arazoa aztertzen, oposizioa eta komunikabideek ohartarazi baitute, Italiarentzat okerrena dena ahaztu eta berriro hastea litzatekeelako.

Egunkariek Gobernu eta Legebiltzarraren berehalako eskuhartzea eskatu arren, epaileek egun duten helburuak Tangentopoli izeneko nahaspila nardagarria behin-betiko behera botatzea baleko izaten segitzen duela azpimarratzen zuten.

Ezkerraren Alderdi Demokratikoak (PDS, komunista ohia), oposizioko lehendabiziko indarrak gogor salatu zuen atzo, Gobernua aztertzen ari den lege dekretua.

PDS egungo legediaren aurka dagoen neurri bat dekretu bidez hartzearen aurka dago, besteak beste, Giulliano Amatoren Gobernuak ez duelako inolako autoritaterik, ez moralik ezta politikorik ere, horretarako.